Ateak ireki programa

70. hamarkadan Boise State Basque Studies Abroad Program egitasmoak gure kultura eta ohiturak itsasoz bestaldera zabaltzea ahalbidetu zuen. Ameriketatik etorritako gazte haiek Oñatin egindako egonaldiek gaur egungo Boiseko euskal komunitatearen sena piztu zuten.

Aitzindaria izan zen programak, euskal lurraldeetatik haratago euskal dimentsioa zabaltzeko aukera badagoela frogatu zuen. Hari-mutur horretatik tiraka, itxita dagoen dimentsioa zabaldu nahi dugu. Lehenik eta behin, gure buruetan.

Bada garaia XXI. mendeko Euskal Komunitatearen aniztasunak duen aberastasuna ikusi, jabetu eta sentitzeko. Halako egitasmoekin, etorkizuneko Euskal Komunitateko pertsona aktiboen hazia ereiten ari gara.

1974. urtean, Pat Bieter Boise State Universityko irakaslearen ekimenez, Oñati-Boise lotura eman zen. Zazpi urtez –1980. urtea izan zen azkena– 100 bat lagun etorri ziren Oñatira euskara ikasi eta euskal kulturarekin loturak sortzera.

Beste batzuen artean, Dave Bieter gazteak parte hartu zuen Oñati-Boise programan. Hamalau urte baino ez zituen Euskal Herria ezagutzera etorri zenean; 41 urteren ondoren, Boiseko alkate euskalduna izateaz gain, USAko presidentearenganaino iritsi den euskal aktiborik garrantzitsuenetarikoa.

Eta Boise-Oñati arteko elkartrukea Euskal komunitate mailako proiektu bihurtuko bagenu? Zenbat euskal aktibo izan ditzake gure komunitateak? Momentu honetan, ezin daiteke irudikatu ere egin; aukeren dimentsio oso bat daukagu gure aurrean.

Helburuak

Epe ertain-luzera begirako proiektu kolektiboa da hau, helburu zehatz hauek bete nahi dituena:

  • Euskal komunitateko gazteak, Euskal Herriko etxeetan jaso ahal izateko sarea osatzea.
  • Komunitatea osatzen dugunon Elkar ezagutza indartzea, batez ere gazteei begira.
  • Trukea sustatzea, ondoren euskal herriko gazteak euskal komunitatea ezagutzeko bideak zabalduz.